Zerbitzu berriak, Gure Aretoan

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 16a, 13:34

Derioko Gure Aretoak zerbitzu berriak eskaintzen dizkie erabiltzaileei. Horrela, aretoaren kanpoaldean plasma-pantaila bi jarri dituzte, eta bertan informazio hau ematen da: zine-programazioa eta ordutegiak, filmen trailerrak eta herritarrentzat interesgarria izan daitekeen udal informazioa. Etorkizunean beste pantaila bi kokatuko dituzte: bata, kiroldegian; eta bestea, Kultur Birika kultura etxean. Gainera, filmak soilik zapatuetan eta domeketan ematen zituzten lehen, eta orain barikuetan ere eskaintzen dituzte, aretoan beste ikuskizunaren bat antolatuta ez badago. Zine-programazioa www.versiondigital.es webgunean ere kontsulta daiteke. Era berean, wifi doako gunea atondu da aretoaren inguruan. Beste alde batetik, munduko edozein herritan ematen diren ikuskizunak Gure Aretoan ikusteko aukera ere egongo da laster: opera, balleta, kirola... Ikuskizunok satelite bidez eta zuzenean emango dira.