DAT Derioko Argazki Taldeak Argazki Lehiaketa antolatu du zazpigarren aldiz. Lehiaketan argazkigintza atsegin duen edonork har dezake parte. Gaia libre da eta edozein lan mota aurkez daiteke, beste lehiaketa batzuetan saritutakoak izan ezik. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu. Lanak zuri-beltzezkoak edo kolorezkoak izan daitezke; hala ere, kategoria bakarra egongo da sariei dagokienez. Tratamendu informatiko guztiak onartuko dira, eta epaimahaiak bereziki hauek hartuko ditu kontuan: teknika, enkoadratzea eta konposizioa. Lanek gehienez 40x50cm-ko neurria edukiko dute eta tamaina bereko kartoi batean itsatsita aurkeztu beharko dira, irudien CDarekin batera. Kartoiaren atzeko aldean egilearen datuak zehaztuko dira: izena, telefono-zenbakia, helbidea eta posta elektronikoa. Argazkilaria elkartearen baten kidea bada, haren izena ere jarriko da. Datuok CDaren gutun-azalean ere idatziko dira. Lanak abenduaren 2ra arte aurkez daitezke Kultur Birikara, edo korreoz agindu: Anboto plaza, 5. 48160-Derio. Epaimahaiaren erabakia abenduaren 17an, goizeko 12:30ean, jakinaraziko da. Lan onenak ikusgai jarriko dira.
Orotara hiru sari emango dira: 300 euro eta diploma, bilduma onenari; 200 euro eta diploma, argazkirik onenari; eta 100 euro eta diploma, bigarren argazkirik onenari. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez sari bat jasoko du. Euskal Herriko Argazkilarien Elkarteen Federazioak Euskal Herrian bizi diren irabazleak gonbidatuko ditu Argizaiola Trofeoan parte hartzera.