Pontevedrako Openean ere irabazleak!

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 9a, 15:00

Doyan Derioko Klubeko neska-mutilek garaikurrak eta dominak ekartzen dituzte etxera, Taekwondo Txapelketa batean parte hartzen duten bakoitzean. Maila eta teknika altua dute eta horrek isla du tatami gainean. Aritu diren azken lehiaketa ez da salbuespena izan. Urriaren 30ean Taekwondo Nazioarteko Opena egin zen Pontevedran, eta han Portugal, Cabo Verde eta estatu osotik etorritako 800 kirolarik hartu zuten parte. Haien artean, Doyan Klubeko 23 taekwondolari egon ziren: zazpi neska eta 16 mutil, hain zuzen ere. Guztiek gutxienez borrokaldi bi egin zituzten. Bestetik, aipatu beharra dago Open horretan ibili diren lehenengo aldia izan dela. Haurren kategorian talde derioztarraren zortzi kirolari aritu ziren. Arautegiak ezartzen duen bezala, borrokaldiak bular-babesera zuzendu ziren, eta orotara sei domina lortu zituzten: urrezko bi, zilarrezko hiru eta brontzezko bat. Gainontzeko kategorietan, teknikak Taekwondo Munduko Federazioak arautegian baimendutako gorputz-ataletara zuzendu ziren. Kadeteen mailan zortzi txorierritarrek hartu zuten parte. Borrokaldiak oso estuak izan ziren eta gure neska-mutilek euren trebetasuna eta eskarmentua erakutsi behar izan zituzten. Zilarrezko hiru medaila eta brontzezko medaila bi lortu zituzten. Maila handiago eta zorrotzago bihurtu zen junior eta seniorren kategorietan, eta gazteek hiru borrokaldi irabazi behar izan zituzten, domina lortzeko lehiatu ahal izateko. Kategoria hauetan zazpi kirolari aritu ziren norgehiagoka, eta brontzezko domina bi eskuratu zituzten.