Derion, herria martxan! Martxa herrian!

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 23a, 11:46

Tximintx Derioko euskara elkarteak Herria martxan! Martxa herrian! ekimena aurkeztu du jendaurrean. 15 urtetik gorako lagunei zuzendutako egitasmoa da, eta maiatzaren 11n, 19:00etan, izango da Herriko plazan. Azaldutakoaren arabera, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago ibilgailu bat ibiliko da herritik zehar, haren berri herritarrei ematen. Ibilgailu horretan pertsona bi ibiliko dira mikrofonoa eskuan dutela. Bata kanpotarra izango da eta derioztarrak pasiboak direla esango du. Bestea herrikoa izango da, eta herritarrak animatuko ditu plazara joatera, Derio martxan jartzeko eta Derion martxa dagoela erakusteko. Plazan izango da ekimena, eta hark ikuskizun mota bi nahastuko ditu. Batean herritar guztiek hartu ahal izango dute parte, eta bospasei kantu abestu eta dantzatu beharko dituzte, aldez aurretik entseguak eginda. Bestean herriko zenbait elkarte arituko dira eta euren jarduerarekin zerikusia duen erakustalditxoa eskainiko dute: kirola, dantza... Antolatzaileek zapiak banatuko dituzte parte-hartzaileen artean, bereizgarritzat erabiltzeko. Ekimenak ahalik eta lagun gehien biltzea du helburu. Abestien lehen entsegua martxoaren 27an, 19:00etan, egingo da, Kultur Birikan. Entseguekin Aste Santuko oporren ostean jarraituko dute.