Mihiluze lehiaketaren finala

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 29a, 11:27

Ekainaren 1ean, “Mihiluze Txorierrin” lehiaketaren finala izango da Derioko Kultur Birikan. Saioa arratsaldeko 6etan hasiko da eta hura Oihan Vega ETBko aurkezleak zuzenduko du. Finalean Txorierriko hiru bikoterik onenak arituko dira norgehiagoka. Bikoteek zazpi probari egin beharko diete aurre. Irabazleek hiru lagunentzako Warner Bros Parkera bidaia bana jasoko dute saritzat. Hotel batean gau bi pasatzea eta parkerako sarrerak ere badaude sariaren barruan. Bigarrenek hiru lagunentzako Iparraldera bidaia bana jasoko dute saritzat. Larraunerako tren-txartelak, Biarritzen gau bat ematea eta Biarritzeko akuariumerako sarrerak sariaren barne daude. Hirugarren postuan lotzen direnek Senda Viva Nafarroako Natura-parkera bidaia bana jasoko dute saritzat. Hau ere hiru lagunentzako bidaia izango da, eta haren barruan gau bat hotel batean pasatzea eta parkerako sarrerak daude. Mihiluze “Txorierrin” lehiaketa Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak martxan jarritako ekimena da. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei dago zuzenduta, eta gaztetxoek eskola orduetatik kanpo euskaraz gozatzea eta hizkuntza lantzea ditu helburu nagusitzat. Azaldutakoaren arabera, helburuok bete dira. Horrela, bada, txapelketak ikusmin handia sortu du gaztetxoen artean eta orotara Txorierri osoko 57 bikotek hartu dute parte han. Maiatz osoan zehar ibili dira herri bakoitzean kanporaketak egiten. Finalaurreko bi ere egin dira.