Artisten lanak ikusgai izango dira Derioko dendetan

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 6a, 09:12

Hango Udalaren Kultura eta Merkataritza Sailak Arteen ikuste-jaialdia antolatu du lehenengo aldiz. Ekimenean Euskadi zein Estatuko artistek hartu ahalko dute parte, baina lehentasuna Bizkaiko sortzaile berriei emango zaie. Parte-hartzaileek hainbat arlotako proiektuak aurkeztu ahalko dituzte: argazkiak, margolanak, eskulturak, moda... Epaimahaia arte munduko eta komunikabideetako adituek osatuko dute. Horiek 30 artista aukeratuko dituzte, zeinek euren lanak Derioko dendetan ikusgai jarriko baitituzte. Erakusketa irailaren 27tik urriaren 27ra arte izango da, eta lanak salgai egongo dira. Bestetik, epaimahaiak artista bat bereziko du guztien artean. Horrek aukera izango du, 2012-2013-programan zehar, Kultur Birikan bere lanen erakusketa egiteko. Ekimenean parte hartu nahi dutenek euren curriculuma eta haien artelanen argazki bi agindu behar dituzte Dartez@deriokoudala.net helbidera irailaren 17a baino lehen. Azaldutakoaren arabera, ekimenak helburu hauek ditu: herriko merkataritzari bultzada eman, artista gazteen lana sustatu, eta arte eta kulturaren aldeko apustua egin.