Peio Duranen lana, irabazlea Derion

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:33

Derioko Udalaren Kultura eta Merkataritza Sailak D´artez Arteen ikuste-jaialdia antolatu zuen urrian. Ekintzak helburu bikoitza zuen: alde batetik, artista gazteen lana ezagutzera ematea; eta bestetik, herriko merkataritza sustatzea. Hala, Derioko saltokietan ikusgai jarri dira ekitaldian parte hartu duten artisten proiektuak: argazkiak, margolanak eta eskulturak, besteak beste. Horrezaz gainera, epaimahai batek Peio Duranen “Retrato de mujer mayor” margolana bereizi zuen lan guztien artean. Duranek aukera izango du datorren urteko martxoan Kultur Birikan bere lanen erakusketa egiteko. Era berean, lau accesit eman zituzten. Lehenengoa Unai Zocoren ilustrazio batek jaso zuen; bigarrena, Javier Retalesen argazki batek; hirugarrena, Peio Oruetaren margolana batek; eta laugarrena, Eva Fernández derioztarraren argazki batek. Aipatu beharra dago Oruetak Derioko hiru dimentsioko margolana aurkeztu zuela; eta Fernandazek 15M mugimenduari Arriaga plazan ateratako argazkia. Fernándezek berak egindako kamera erabili zuen argazkia ateratzeko. Accesita lortu duten artistek komuneko erakusketa egingo dute Kultur Birikan.