Derioko nagusien egoera aztertu dute

Aikor aldizkaria 2013ko api. 15a, 18:45
Otsailean, Derioko Udalak adinekoentzako behatoki bat jarri zuen martxan, herriko nagusien premia sozialak antzemateko. Egitasmoaren bidez, 75 urtetik 98 urtera bitarteko 230 lagunen egoera aztertu egin da. Inkestatuen % 62 emakumezkoak dira; eta % 38, gizonezkoak. Ikerketa egiteko orduan, 75 urtetik gorako lagunak bizi diren etxebizitzak hartu dira kontuan; orotara 165 etxebizitza. Nagusi gehienak, % 54, ezkonduta daude eta % 40 alargunak dira; alargun gehienak emakumezkoak dira. Gainontzekoak ezkongabeak dira edo banatuta daude. Inkestatuen % 42 bakarrik bizi dira. Harreman sozialei dagokienez, ikerketan parte hartu duten lagun gehienek adierazi dute seme-alabekin, senideekin eta lagunekin harreman ona dutela. Hala ere, ia nagusien % 7k lagunik ez dutela esan dute, horiek hil direlako. Adinekoen % 96 sarritan ateratzen dira etxetik eta % 2k boluntario batek bisita jasotzen dute hamabost egunik behin. Bestalde, % 80k ez dute laguntzarik jasotzen etxeko gauzak egiteko, eta % 72k euren janaria prestatzen dute egunero. Era berean, % 70k ez dute laguntzarik erosketak egiteko orduan. Ikerketan batu diren datuen arabera, ia inkestatu guztiek dute itxura ona eta haien etxearen garbitasuna ere bada egokia. Nolanahi ere, etxebizitzen % 47ek mugikortasunari lotutako arazoak dituzte, igogailurik ez dutelako, edo bainugela ez dagoelako behar bezala egokituta. Nagusiek batez ere entzumen eta ikusmen arazoak dituzte, eta % 70ek ez du ibiltzeko laguntzarik behar. Inkestatuen % 7rengan gaitasun kognitiboaren arazoak antzeman dira. Adinekoen % 77k emozio-egoera normala badute ere, gainontzekoengan sentimendu hauek azaldu dira: bakartasuna, antsietatea, negarra eta beldurra. Azkenik, inkestatuen % 39k mendekotasun-egoera dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).