Azoka txikia, Derion

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 16a, 18:33

Txoriberri Derioko kultur elkarteak azoka txikia antolatu du ekainaren 9rako. Azoka Sollube kalean eta inguruko kaleetan kokatuko dute, 10:00etatik 14:30era. “Ideia hau da: etxean ditugun eta erabiltzen ez ditugun gauzak hartu eta azokara eraman, han salgai jartzeko, oparitzeko edo beste gauza batzuen truke aldatzeko. Bakoitzak nahi duen sistema erabil dezake, eta azokara edozein gauza eraman daiteke, hala nola altzariak, automobilaren bolantea, arropa edo bizikleta bat”, azaldu digute antolatzaileek. Orotara 70 leku edo gune atonduko dira eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru leku hartu ahalko ditu. Leku bakoitzak metro bi edukiko du eta hiru euro balio izango du. Azokan edozein pertsonak har dezake parte eta izena emateko, telefono zenbaki hauetariko batera deitu behar da: 630 55 02 16 eta 695 70 22 02. Txoriberri elkarteak 2006. urtean antolatu zuen lehendabizikoz azoka. “Birziklapena eta berrerabiltzea bultzatzea dugu helburu. Gauzak zakarrontzira bota beharrean, horiek merke saldu, beste batek erabili ahal ditzan”. Esan diguten moduan, azoka txikia oso ekintza arrakastatsua da eta Derioko mugak gainditu ditu. “Gasteiztik ere hurbildu dira azokara”. Hala ere, aipatu digute oraindik badaudela aurreiritziak mota honetako ekintzen inguruan. “Jendeari kostatzen zaio topikoak apurtzea, besteek bigarren eskukoak diren edo oso merkeak diren gauzak erosten ikus ditzatela, gauza horiek saldu... Guk beldur hori gainditu nahi dugu, eta azoka txikia ekintza arrunta bihurtu. Gainera, gurea bezalako azokak ohikoak dira Europako hainbat herrialdetan”. Krisiari aurre egiteko bidetxoa ere izan daiteke. “Erabiltzen ez dugunari etekina atera eta diru apur bat lortu ahal badugu, ba, ondo baino hobeto”.