Apirilaren 11n sutea izan zen Bermeoko alde zaharrean eta horren ondorioz, hiru eraikin eraitsi egin ziren eta 35 familiak utzi behar izan zuten haien etxea. Derioko lau elkartek –Gure señeak, Odol argia, Txoriberri eta Sutondoan- ekintza bat antolatu zuten San Isidro jaien egitarauaren barruan, familia horiei euren elkartasuna adierazteko. Hala, txosna solidario bat ipini zuten maiatzaren 12an eta bertan taloak jarri zituzten salgai 2,50 eurotan. Jakinarazi diguten moduan, ia mila talo txistorrarekin saldu zituzten eta orotara 1.800 euro batu zuten. Txosna azoka-gunetik kanpo zegoen arren, herritar asko bertaraino hurbildu zirela azaldu digute antolatzaileek. “Herriaren erantzuna oso ona izan da. Hain ona, ezen txistorraren bila joan izan baikinen herriko harategi batera. Pozik gaude adierazitako elkartasunarekin”.