Ortu ekologikoak eta aisialdikoak

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 21a, 11:37

Derioko Udalak 32 ortu ekologiko zozketatu ditu herritarren artean. Ortuak Arteaga auzoan daude, udal mahastien ondoan, eta haietako bakoitzak 60 metro karratutik 80 metro karratura bitarteko azalera du. Besteak beste, aldagelak eta lanabesak gordetzeko etxola ipini dituzte lursailetan, eta erabiltzaile bakoitzak 100 euroko kuota ordaindu beharko du urtero. Ortuetariko bat Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeari laga diote, gizarte-egoera ahuleko taldeek erabil dezaten. Proiektuak dituen helburuen artean hauek dira aipagarriak: naturari lotuta dauden jarduera fisikoak eta mentalak egitea ahalbidetzen duten aisialdiko guneak bultzatzea, elikadura osasungarria sustatzea, jubilatu eta langabezien artean okupazio-jarduerak bultzatzea, eta nekazaritza munduarekin dugun loturari eustea. “Ortu ekologikoak eta aisialdikoak modu bat dira denbora librea jarduera emankorrez eta osasungarriz betetzeko, baita bizimodu ekologiko eta naturalaren aldeko apustua ere bai”, esan du Lander Aiarza Derioko alkateak. Derioko Udalak Iurretako esperientzia hartu du eredutzat proiektua martxan jartzeko orduan.