Tximintx Derioko euskara elkarteak 10 urte bete ditu, eta, urteurrena ospatzeko, haren kideek ekitaldi bi antolatu dituzte ekainean. Jakinarazi diguten bezala, hilabete osoan elkartearen gaineko erakusketa ipiniko dute Kultur Birikan, eta ekainaren 14an “Derion be euskaraz gabiltz!” ekitaldia egingo dute. Hori ere Kultur Birikan izango da, 10:00etatik 22:00etara. “Urtean zehar Derion euskaraz gabiltzanok egun batean ikusgai jartzea du helburu”, azaldu digute. Euskararen maratoian, besteak beste, hauek hartuko dute parte: eskola, institutua, berbalagunak, Kukuke antzerki taldea eta Lainomendi dantza taldea. Horrezaz gainera, Tximintx elkartekoek herriko nagusiei egin dizkieten elkarrizketak aurkeztuko dira ekitaldian, “Txorierri ezagutu” lehiaketaren finala egingo da, eta “Derioztarrak bost kontinenteetan” hitzaldia eskainiko da.