400dik gora korrikalari, Kepa eta Areneren oroipenean

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 26a, 10:25

Argazkia: Nestor Sangroniz

Gure señeak Derioko elkarteak Kepa eta Arene Sangronizen oroimenezko lasterketa antolatu zuen irailaren 15an. Ekintza hirugarren aldiz egin da aurten eta bertan 427 korrikalarik hartu dute parte. Helduek 6 kilometro egin zituzten herrian zehar eta umeentzat ibilbide bi prestatu ziren: bata, 500 metrokoa; eta bestea, 1.500 metrokoa. Elkartea oso pozik azaldu da jendearen erantzunarekin. “Urterik urte, gero eta parte-hartzaile gehiago daude, eta, gainera, asko umeak dira. Aurten, esate baterako, ia 200 ume aritu dira lasterketan”, esan digute. “Kirol egokituko lasterkariek ere parte hartu dute ekintzan eta hori benetan atsegin dugun gauza da”. Kepa eta Areneren oroimenezko lasterketak oso harrera ona du eta Derioraino beste herri batzuetako jende asko hurbiltzen da lasterketan aritzeko, hala nola Trapagaraneko eta Santutxuko lasterkariak. “Pozik gaude, lasterkariek gure helburua betetzen laguntzen digutelako, alde batetik, gure mezuaren inguruan batuz, eta bestetik, Kepa eta Arene, oroituz”.