“Euskaraz bizi nahi dut” lasterketa

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 26a, 10:30

Txorierriko euskara elkarteek eta Txepetxa AEK euskaltegiak lasterketa bat antolatu dute urriaren 12rako, “Euskaraz bizi nahi dut” kanpainaren haritik. Egitasmoa Kontseiluak sustatu du eta euskaraz bizitzeko nahia adieraztea du helburu. Hitzordua Derioko frontoian ipini dute goizeko 10:30ean eta parte-hartzaileek hiru ibilbide edukiko dituzte aukeran. Lehenengoa umeei dago zuzenduta eta laburra da; bigarrena hiru kilometrokoa da; eta hirugarrena, bost kilometrokoa. Lasterketak 11:00etan hasiko dira. Izena emateak zazpi euro balio du umeentzat eta opari kamiseta bat jasoko dute. Nolanahi ere, “Euskaraz bizi nahi dut” kamiseta badute, bi euro ordainduko dute. Nagusientzako izen-emateak 10 euro balio du eta hauei ere kamiseta bana emango zaie; kamiseta badute, bost euro ordainduko dute. Hiru bide daude izena emateko: Kontseiluaren webgunearen bidez, euskara elkarteetan edo Txepetxa euskaltegian. Dortsalak eta kamisetak urriaren 10ean eta 11an hartu ahalko dira Derioko Kultur Birikan, 18:00etatik 20:00etara. Lasterketaren egunean bertan ere hartu ahalko dira, 10:00etatik aurrera. Antolatzaileek lasterketan parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei, “euskararen normalizazioak beharrezkoa duen bultzada herrikoia emateko. Parte hartu eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrika dezagun”.