Herritarrek datorren urterako aurrekontuetan parte hartzeko prozesu bat zabaldu da Derion

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 29a, 10:46
Derioko Udalak prozesu bat jarri du martxan, herritarrek 2014. urteko aurrekontuei begira beren ekarpena egin dezaten. “Aurrekontuak egiten gabiltza eta bertan derioztarrek ere parte hartzea nahi dugu, eta euren ekarpenen bidez gure herrirako nahi dugun etorkizuna definitzen lagun diezaguten”, azaldu du Aitor Badaia Ogasun zinegotziak. Hala, derioztarrek galdetegi bana jaso dute etxean, han beren ekarpenak egin eta, haien ustez, auzo bakoitzak dituen beharrizanak azal ditzaten. Galdetegiak Kultur Birikan, udal kiroldegian, Larrabarri baserrian eta udaletxean bertan ipinitako kutxetan utz daitezke. Badaiaren esanetan, krisi ekonomikoa dagoen arren, Udaletik lanean jarraituko da, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. “2014. urteko aurrekontuan ipinitako euro bakoitza aztertuko dugu, jasotako diru-sarrerak ahalik eta gehien optimizatzeko eta ohiko zerbitzuak ematen jarraitzeko”. Horren haritik, eta Udaletik esan den moduan, “aldez aurretik egindako kudeaketa-lanak ahalbidetu du aurrekontuen oreka lortzea eta kontu saneatuak edukitzea”. Hala ere, adierazi dute jakin badakitela, aurrekontuen murrizketaren ondorioz, ezingo dutela udalerrian tamaina handiko proiekturik egin. “Horregatik, hain zuzen ere, ezinbestekoa da gastua arrazionalizatzea. Aurretik hartutako neurriei esker eta gastuaren optimizazioari esker lortuko dugu Deriok herri moduan hazten jarraitzea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).