Elikagaien banku bat jarri dute martxan Derion

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 29a, 14:03

Egitasmoa DEES elkarteak, Derioko Elikagaien Elkarte Solidarioak, kudeatzen du. Elkarte hori berria da herrian eta 10 boluntariok baino gehiagok osatzen dute. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden lagunei oinarrizko elikagaiak ematea du helburu. Zerbitzuaz 130 derioztar inguru baliatuko dira eta elikagaiak hilabetean behin hartu ahalko dituzte elkartearen lokalean. Zerbitzura Txorierriko Mankomunitateko gizarte-zerbitzuetatik agindu dituzte. Elikagaiak Bizkaiko Elikagaien Bankutik jasotzen dira eta Udalak lokal bat ipini du elikagaiok biltzeko. Udal lantaldeak Bizkaiko Elikagaien Bankuan hartuko ditu elikagaiak eta DEES elkartearen lokalera eramango ditu hilabeterik behin. “Boluntarioen parte-hartzea ezinbestekoa izan da proiektua aurrera atera ahal izateko. Beharrizan handiak dituzten herritarrei laguntza ematea dugu helburu eta elikagaien bankua estrategia horren barruan dago. Derio herri solidarioa da, bihotz handia duena, eta hori nabaria da gizarte-erakunde batek edo kolektibo batek laguntza behar duenean”, esan du Begoña Bilbao Gizarte Ongizate eta Osasun arloko zinegotziak.