Euskal Pilotaren historiaren gaineko erakusketa, Kultur Birikan

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 4a, 10:35

“Euskal Pilota herriz herri” erakusketa otsailaren 25era arte egongo da ikusgai Derioko Kultur Birikan. Hura Bizkaiko Pilota Federazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da. Erakusketak kultura eta kirola nahasten ditu. Bisitariak Historian zehar erabili diren pilota eta tresna ezberdinak ezagutu ahal izango ditu bertan, hala nola orain dela 500 urte Jeu de paume jokoan erabiltzen ziren piloten erreprodukzioak edo pala atomikoa, jokalariek 40ko hamarkadan erabilitakoa. Horrezaz gainera, hainbat frontoiren maketak ikusteko aukera edukiko du. Argazkiak ere ipini dira ikusgai erakusketan. Argazki horiei esker, pilota modalitate bakoitzak azken 300 urteotan eduki duen bilakaera ezagutu ahalko du Kultur Birikara hurbiltzen denak. Era berean, ospe handiko pilotari profesionalen gaineko informazioa edukiko du bertan, eta pilotariek erabilitako arropa eta tresnak ikusi ahalko ditu. Bitxikeriak ere batu dira erakusketan: publizitatea eduki zuten lehenengo kamisetak, hainbat kasko, Miami edo Orlandoko frontoietan aritzen ziren zesta-puntako pilotariek erabilitako kamisetak... Bestalde, otsailaren 13an, 19:30ean, Historia de la Pelota Vasca dokumentala emango da. Iñigo Gallaga Bizkaiko Pilota Federazioaren ordezkariak hitzaldia eskainiko du kirol honi buruz, eta sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu.