Martxoaren azken asteburuan, Taekwondo XIV. Opena egin zen Oropesan. Bertan 1.000 kirolarik baino gehiagok hartu zuten parte eta Doyan Derioko klubeko taekwondolariak izan ziren haien artean. Orotara 30 neska-mutil joan ziren Txorierritik Valentziara.
Zapatuan borrokaldiak egin ziren. “Nazio mailako txapeldunak, dominadunak eta maila handiko kirolariak aritu ziren borrokaldietan eta egun aparta izan zen”, kontatu digute klubekoek. “Guk ere emaitza onak lortu genituen: zilarrezko domina bi eta brontzezko sei domina”. Domekan teknikaren txanda izan zen, eta emaitzak, bikainak beste behin. “Kerman Arranzek urrezko domina lortu zuen Senior 1 kategorian; eta Erlantz Atutxak, brontzezkoa. Haizea Arranzek ere urrezko domina irabazi zuen emakumezkoen kadete nagusi kategorian; eta Beñat Llonak, brontzezkoa gizonezkoen kadete nagusi kategorian. Sailkapen horiei esker 16 puntu batu genituen eta lehenengo postua eskuratu genuen taldeka”.