Derioko Udalak eta Eguzkilore Fundazioak akordio bat egin dute eta, horren bidez, Udalak sei etxebizitza utzi dizkio Fundazioari, laguntza sozialeko programa bat kudea dezan. Programak gizarte-bazterketa arriskuan edo kalteberatasun handiko egoeran dauden familiek etxebizitza bat eskuratzea erraztea du helburu. Akordioa bost urtean egongo da indarrean, baina alde biak ados badaude, hura luzatzeko aukera izango da.
Programan sartu ahal diren lagunak Udaleko gizarte-zerbitzuetatik bidaliko dira Fundaziora. Onuradunek laguntza sozialeko banako plangintza bati jarraitu beharko diote, beren egoera aztertu eta gizarteratzeko.
Dagoeneko, lau familiak eskuratu dute sei etxebizitzetatik bat. Familiek 350 euroko alokairu soziala ordaintzen dute hilean. Hirurehun euro etxebizitza ordaintzeko erabiltzen dira eta gainontzekoa aurrezpen-plan batera bideratzen da. Diru hori beren egoera hobetu eta etxebizitza uzten dutenean itzuliko zaie.
Akordioa Derion martxan jarri diren gizarte arloko zerbitzuak biribiltzeko egin da, hala nola jantoki soziala eta elikagai bankua. Eguzkilore Fundazioa Caritas Bizkaiaren erakunde bat da, eta Euskadiko pertsona guztiek etxebizitza duin bat izateko duten eskubidea bermatzea du helburu.