Lasterketa irailaren 14an izango da eta hura Gure Señeak Derioko elkarteak antolatu du. Horretarako, Txorierriko Korribilariak elkartearen eta herriko Udalaren laguntza eta babesa eduki dute.
Lasterketa doakoa da eta lagun guztiei dago zuzenduta. Hala, 11 kategoria egongo dira: aurre benjamin, benjaminak, kimuak, umeak, kadeteak, kirol egokitua, gazteak, juniorrak, promesak, seniorrak eta beteranoak. Izen ematea telefonoz egin daiteke irailaren 13ra arte: 94 454 01 59; edo gure_seneak@yahoo.es helbide elektronikora mezu bat bidalita. Datu hauek adierazi behar dira: izen-abizenak, NAN zenbakia, jaiotze data, herria, kategoria eta federatuta gauden ala ez. Izen ematea lasterketaren egunean bertan ere egin daiteke, hori hasi baino lehen. Korrikalariak goizeko 10:30ean aterako dira herriko eskolatik.
Gure Señeak elkartea 2010ean sortu zen, gaixotasun arraroak dituzten umeei eta haien familiei laguntza eta babesa emateko. Elkartetik adierazi duten moduan, gaur egun Derion badaude 13 familia elkarteari lotuta daudenak. Familia horien seme-alabek gaixotasun-espektro zabala dute, hala nola Esklerosi tuberkuluduna, Angelman sindromea, Proud Levine Carpenter sindromea, fibrosi kistikoa, garun-paralisia eta autismoa.
Elkartea erreferente bihurtu da herrian, eta urtean zehar antolatzen dituzten kontzientziazio-ekintzen artean Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketa da azpimarratzekoa. Anai-arrebak gaixotasun arraro baten ondorioz hil ziren eta lasterketak umeak gogora ekartzea du helburu. Era berean, gizartea gaixotasun arraroren bat duten umeen eta haien senideen arazoekiko sentikor bihurtu nahi da. Baita kirolaz eta jai-giroaz gozatu ere. Aurten laugarren aldiz egingo da.