Lehenengo edizioa arrakastatsua izan da eta han zazpi taldek eta 23 lagunek hartu dute parte. Musikari gazteek musika estilo guztietako eta kalitate handiko sortze-lanak aurkeztu dituzte.
Lehiaketaren oinarrietan zehaztu zen bezala, epaimahaia kultura eta musika arloko adituek osatu zuten. Horiek erabaki zuten gizarte-sareetara talde bakoitzeko zein abesti igo, herritarrek beren botoa eman zezaten. Ekimenak oso harrera ona izan zuen, izan ere, hamar egunetan ia mila pertsonak eman zuten botoa. Halaber, talde bakoitzak bere musika-sorkuntza hedatzeko aukera izan zuen.
Gizarte-sareen bidez emandako botoak bildu eta Own Code taldeak irabazi du lehiaketaren lehenengo edizioa. Talde horrek ere jaso du kide gehienak 15 urtetik 21 urtera bitartekoak diren talderik onenari saria. Bestalde, Endemaño taldeari eman diote kide gehienak neskak diren talderik onenari saria.
Lehiaketan parte hartu duten talde guztiek musika-estudio batean CD bat grabatzeko aukera izango dute. Baita esperientzia paregabea bizitzeko aukera ere. Gainera, taldeen artean CDaren aleak banatuko dira, euren sortze-lanak zabal ditzaten. CDa hauek grabatuko dute: Kualudd, Kaxkabil, Sharkriders, La Vieja, Own Code, The Lasai eta Endemaño.
CDa urriaren 25ean aurkeztuko da Derioko frontoian. Jaialdi bat egingo da eta han Musika Lehiaketan parte hartu duten talde bi eta gonbidatuko den beste talde bat arituko dira. Sariak banatuko dira eta musika taldeez gozatzeaz gain, horiekin dantza egiteko aukera izango duzue. Animatu eta etorri jaialdira!
Txorierriko Musika Lehiaketa musika-sorkuntza ardaztzat duen lehiaketa da eta Mankomunitateko Gazteria arloak sustatu du. Horretarako, Euskara eta Berdintasuna arloen laguntza jaso du.