Derioko taekwondolariek jarraitzen dute arrakasta izaten

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 13a, 15:42

Azaroaren lehenengo asteburuan Pontevedrako Nazioarteko Opena izan zen eta han Doyan Derioko Taekwondo Klubeko 32 kirolarik hartu zuten parte. Orotara 850 taekwondolari aritu ziren Openean. Deriotarrek 14 domina lortu zituzten borroka kategorian: lau urre, hiru zilar eta zazpi brontze; eta 6 domina, teknika kategorian: urre bi, zilar bat eta hiru brontze. Klubatik nesken taldeak izandako emaitzak aipatu dituzte bereziki. “Izan ere, bigarren postua eskuratu dute borroka kategorian zein teknika kategorian”. Era berean, Maialen Llonak, Angie Herrerak eta Haizea Arranzenek osatutako hirukotea zoriondu dute. “Euskadiko txapeldunak dira teknika kategorian eta Pontevedrako Openean ere izan ziren txapeldunak. Iruñeko Opena ere irabazi zuten”. Galizian izandako emaitzak onak izan arren, klubetik adierazi dute beharrezkoa dela lanean jarraitzea. “Apaltasun eta ilusioarekin, hazten jarraitzeko”.