Xakearen ezaugarri hezitzaileak, hizpide Derion

Aikor aldizkaria 2014ko abe. 4a, 11:10

Derio Xake Taldeak “Xakeak pentsatzen irakasten du eta oso dibertigarria da” hitzaldia antolatu du abenduaren 29rako. Hitzaldia arratsaldeko 6etan izango da Gurea Aretoan eta Leontxo Garciak emango du. Leontxo Garcia kazetaria da, idazlea eta komentarista, eta xakean aditua ere bada. Besteak beste, xakeak hezkuntza-erreminta bezala duen baliagarritasuna, batez ere umeen kasuan, azalduko da hitzaldian. Horretarako, hala frogatzen duten eta azken 87 urteetan egin diren ikerketa zientifikoak erabiliko dira argudiotzat. Era berean, beste gai batzuetaz arituko dira ekitaldian, hala nola xakeak Gardnerren adimenekin duen lotura, xakea eta adimen emozionala, eta xake hezitzailea eta kirol xakea bereizteko beharra. Hitzaldia xakelariei ez ezik gurasoei eta hezitzaileei ere badago zuzenduta. “Klubak ahalegin handia egin du Leontxo bezalako aditu bat gurera ekarri ahal izateko. Aukera paregabea da eta espero dugu xakea maite duten guztiok hartaz gozatzea”, esan dute klubetik.