Deriok gizarte-gastuaren aldeko apustua egin du 2015erako

Aikor aldizkaria 2015ko urt. 9a, 15:35
Udalak 8.065.102 euroko aurrekontua onartu du 2015. urterako. EAJ eta PP alderdiek aurrekontuen aldeko botoa eman dute, Bildu abstenitu egin da eta PSEk kontrako botoa eman du. Aurreko ekitaldiaren aldean, aurrekontuek % 3,67eko gehikuntza eduki dute. Udaletik jakinarazi dituzte aurrekontu-sail batzuk eta, beren esanetan, apustu handia egin dute gizarte-gastuaren alde. Hala, krisiak gizartean duen eragina arintzeko asmoz, 900.000 euro bideratuko dituzte gizarte-politiketara: 274.609 euro, udaleko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko; 51.560 euro, hirugarren adinari zuzendutako jarduketarako; 272.100 euro, haurrei lotutako jarduketarako; eta 300.893 euro, Hezkuntzarako. Gainera, aurrekontu-sail honetatik, 37.000 euro erabiliko dira jangela sozialak dakartzan gastuak ordaintzeko; eta 10.350 euro, Nagusien Etxerako. Bestalde, 58.570 euro zuzenduko dira Enplegu Sailera; eta 30.617 euro, tokiko ekonomia-jarduerak egitera. DUK-Derioko Udal Kiroldegia erakunde autonomoak 962.416 euro jasoko du, udaleko kirol instalazioak eta zerbitzuak mantentzeko. Era berean, 943.609 euro zuzenduko dira euskara eta kultura sustatzeko; 114.337 euro, Gazteria Sailera; eta 64.600 euro, aisialdiari lotutako ekintzetara. Bestetik, 528.900 euroko aurrekontu-saila onartu da, hainbat inbertsiotan erabiltzeko. Aurrekontuen zatirik handiena Hirigintza eta Azpiegitura Sailari dagokiona da: 2.257.351 euro. Jarduketa bi azpimarratu dituzte sail honen barruan: Larrabarri Ibilbidea oinezkoen bidearen hobekuntza, zeinetan 120.000 euroko inbertsioa egingo baita; eta haurrentzako jolastokian estalkia ipintzeko lanak, 110.000 euroko aurrekontua dutenak. Derioko Udalak administrazioa herritarrei hurbiltzea du helburu. Horren haritik, eta iaz egin zuen bezala, kontsulta egin die herritarrei 2015. urterako aurrekontuei buruz. Aurtengo ekitaldian zerbitzu berriak ipiniko ditu martxan, herritarren parte-hartzea errazteko, eta administrazioaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).