Derioko Udalbatzak omenaldia egin zion atzo Eibarreko entrenatzaileari eta oroigarritzat “Bidegurutza” eskultura eman zioten. Adierazitakoaren arabera, eskultura horrek derioztarren giza balioak irudikatzen ditu, eta beste herri eta kultura ezberdinei egiten dieten harrera amultsua ere adierazten du. Ekitaldian, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek hartu zuten parte.
“Gaizka Garitano enbaxadore aparta da gure herrirako, kirolari dagokienez, inoiz amore eman ez duen gizon irmoa eta langile nekaezina. Eta aurrekontu txikiko talde bat talde handia bihurtzea lortu du, liga profesionaleko talde handien parean dagoena”, esan zuen Lander Aiarza Derioko alkateak.
Gaizka Garitano Athletic taldeko harrobian hezi zen eta, besteak beste, Athletic, Eibar, Erreala eta Alaves taldeetan aritu da futbolari.