Maiatzaren 14tik 17a arte ospatuko dira San Isidro jaiak Derion, eta jai-batzordeak aurtengo ekitaldi eta gakoetako batzuk eman ditu ezagutzera. Azaldu dutenez, Lainomendi dantza taldeak irakurriko du pregoia, aurten 25 urte bete dituelako.
Jaietan, betiko moduan, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izango dira, hala nola kale-antzerkia, txitxi-burruntzia, ume eta gazteentzako jolas eta jarduerak, dantzak eta artisau azoka. Musika honako hauek ipiniko dute: Santi Matxete, Kakas Blankas, Joxe Replay, Anai-arrebak, Hieskide, Che Sudaka, Garilak 26, Tea Party, Xaibor eta Fave de Fuca.
Koadrila Txapelketa iaz antolatu zuten lehenengo aldiz, eta, oso txapelketa arrakastatsua izan zenez, aurten ere egingo dute. Izena emateko epea apirilaren 1ean irekiko da, sanisidrojb@gmail.com, eta apirilaren 16an bilera bat egingo da Kultur Birikan txapelketan parte hartuko duten koadrilekin.
Bestalde, herri-bazkaria domekan egin zuten iaz, eta hark izan zuen arrakasta kontuan harturik, erabaki dute aurten ere egun horretan antolatzea.