Euskalerriko Eskautak Bizkaia taldeko kideek Derion ospatuko dute aurten beren jaia, San Jorge, apirilaren 26an. Antolatzaileen esanetan, gutxienez 2.000 lagun bilduko dira
Ganbeko pagadian, Aldekona auzoaren ondoko landetan. “Eguraldi ona egiten badu, guztira 3.000 pertsona etorriko dira Bizkai osotik”, esan digu Egoitz Arruza Derioko abade eta Bizkaiko eskaut taldeko kideak. Derion, gazteak, eskautak, begiraleak eta senideak batuko dira, eta Bizkaiko 27 eskauten taldeek hartuko dute parte topaketetan. Egoitzek azaldu digunez, aspaldi eskauten talde bat egon zen Derion, baina orain dela 20 urte desagertu zen. Abadeak San Jorge jaia aprobetxatu nahi du, eskualdean talde bat abian jar-tzeko.
Eskautek apirilaren 25ean, zapatua, ailegatuko dira Deriora. Gazteak taldeka banatuko dira eta, asteburu osoan zehar, hainbat ekitalditan arituko dira adinaren arabera. Hala, mintegiak eta mahai-inguruak egongo dira 15 urtetik 18 urte bitarteko gazteentzat, eta zortzi urtetik 14 urtera bitarteko gazteek irteerak egingo dituzte. Meza, bazkaria eta erromeria ere egingo dira.