Lainomendi taldeak asteburu honetan ospatuko du bere 25. urteurrena

Aikor aldizkaria 2015eko apirilaren 17a

Lainomendi Derioko dantza taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta horren haritik, egitarau oparoa prestatu dute asteburu honetarako. Bihar, apirilaren 18an, egun osoko jaia prestatu dute. Goizean, 11:00etan, jolasak egingo dituzte Sollube kalean, Derion, eta euria egiten badu, frontoian. Ostean, 13:00etan, trikipoteoa egingo dute eta gero, 14:30ean, herri-bazkaria, frontoian. Eguna borobiltzeko, Arizgoiti taldeak erromeria bat eskainiko du 18:00etatik aurrera. Igandea egun nagusia izango da, Lainomendik dantza agerraldia egingo baitu. Eskualdeko taldeak eta Errekaldeko Arraizpe taldea ere arituko dira bertan. Taldeek kalejira egingo dute 11:30etan, eta beranduago, 12:00etan, dantza erakustaldia ikusteko aukera egongo da eskolaren alboko aparkalekuan. Informazio gehiago: 615 73 48 68