Bizkaiko Pilota Federazioak Bizkaiko lau t´erdiko Txapelketa Derio Kopa antolatu du hirugarren aldiz eta finalak Derion jokatuko dira, maiatzaren 17an. Jaialdia 17:00etan hasiko da eta bertan hainbat kategoriatako pilotariak arituko dira: kadete mailan, Aurrekoetxea lemoarra, Camiruaga Sopelakoaren aurka; gazte mailan, Riol Portugaletekoa, Cabello Leioakoaren kontra; 22 urte azpiko mailan, Mendia zeanuriarra, Rey urtuellarraren aurka; eta senior mailan, Elezkano galdakarra, Lopez Aldai urtuellarraren kontra. EiTB eta Hamaika telebista kateek eskainiko dituzte finalak.
Txapelketa apirila eta maiatza bitartean jokatu da eta guztira 235 pilotarik hartu dute parte bertan, inoiz baino jokalari gehiago, hain zuzen ere. “Txapelketa erabat finkatuta dago egutegian eta gero eta lagun gehiagok hartzen dute parte. Lehen, lau t´erdiko modalitatearen eskaintza oso urria zen beheko mailetan, baina Derio Kopak hutsune hori bete du. Oso pozik gaude, lau t´erdiko modalitatea oso ikusgarria baita”, esan du Iker Amarika Bizkaiko Pilota Federazioaren presidenteordeak.
Derioko Udalak hitzarmena sinatu zuen Bizkaiko Federazioarekin finalak herrian jokatzeko. Partidek San Isidro jaietako egitaraua borobilduko dute. “Guk kirola bultzatu nahi dugu, batez ere geure kirola denean, eta betiko egongo gara prest horrelako ekimenei babesa emateko”, esan du Aitor Badaia Derioko alkateordeak.