TVEk Insuperables saioa estreinatuko du gaur gauean, 22:30ean, eta Iván Ivenian derioztarrak han hartuko du parte, Aitor Vidaurretarekin batera. Ivének eta Aitorrek Bocabeats Comedia bikotea osatzen dute, orain dela lau urte Derioko Gurea Aretoan, jendaurrean aurkeztu zutena. Gazteek beat box eta umorea uztartzen dituzte beren emanaldietan eta horiek Euskal Herriko hainbat txokotara eraman dituzte. “Guk asmatu dugun kontzeptua da eta halako saioetan agertzea izugarri interesatzen zaigu, jendeak gure lana ezagut dezan”. Iván eta Aitor, besteak beste, Santiago Segura, Carlos Latre, Carolina Cerezuela, Ana Milán eta Pitingorekin egongo dira platoan.