Iván Ivenian derioztarra, ezin hobea

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 9a, 11:14

Iván Ivenian derioztarrak Bocabeats Comedia bikotea osatzen du Aitor Vidaurretarekin batera, eta aste honetan, uztailaren 6an, TVE kateko Insuperables saioan hartu du parte. Talent show horretan beat box (soinuak ahoarekin) eta umorea uztartzen dituen emanaldi bat eskaini zuten. Bere lana Santiago Segura eta Ana Milán aktoreek eta Pitingo abeslariak epaitu zuten. Carlos Latrek eta Carolina Cerezuelak ere hartzen dute parte saioan. “Ez gaituzte aukeratu beste saio batean parte hartzeko, baina oro har pozik gaude gure emanaldiarekin, momentua aprobetxatu egin genuela uste dugu. Halako saioetan agertzea izugarri interesatzen zaigu, jendeak gure lana ezagut dezan. Tamalez ez zuten aipatu Deriokoak garela”, esan digu Ivánek. “Gure ikuskizuna ia bakarra da, inork ez baitu beat box eta umorea uztartzen. Normalean ordu bateko saioak egiten ditugu eta oso zaila da hori telebistarako minutu bitan laburbiltzen. Gogor egin dugu lan gure ikuskizuna prestatzeko, eta gaur egun, Paramount Comedy zirkuituan gaude sartuta, hainbat komiko eta bakarrizketak egiten dituzten lagunekin batera. Telebistakoa beste urrats bat izan da gure karreran”. Ez da Iván telebistan agertzen den lehenengo aldia; izan ere, 2012an beste talent show batean, Tú sí que vales, aritu zen. Bere azken emanaldia ikusteko: https://www.youtube.com/watch?v=19Ey_C8UeOE