Tximintx Derioko euskara elkarteak TELP tailerra antolatu du irailerako. Euskaraz egiteak deserosotasuna eragin dezake hainbat egoeratan eta tailer horretan baliabideak eskainiko dira euskaraz eroso sentitzeko, eta hizkuntza gatazkei aurre egiteko.
Tailerra EMUN aholkularitza taldeak zuzenduko du eta Larrabarri baserrian emango da. Saio bi egingo dira: bata, irailaren 19an; eta bestea, irailaren 26an. Biak 9:00etatik 14:00etara izango dira. Leku mugatua dago eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, 688 845 186 telefono zenbakira deitu behar da, edo tximintx@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali. Ikastaroak 10 euro balio du Tximintx euskara elkarteen bazkideentzat; eta 20 euro, gainontzekoentzat.
“Ikastaroa euskara gehiago erabili nahi duten euskaldunei dago zuzenduta”, esan digute euskara elkartetik. "Askotan, euskaldunok ez gara eroso sentitzen eta tailerrean eguneroko egoerak aztertuko ditugu: medikuarenean, batzar batean, igogailuan… Ikastaroa erabat praktikoa eta dinamikoa izango da, eta hiztunei tresnak emango dizkiegu eroso sentitzeko”.