Batzar Nagusietara sartzearen urteurrena ospatuko dute gaur Derion

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 24a, 09:51

327 urte pasa dira Gernikako Batzar Nagusiek Derio eskubide osoko elizatetzat onartu zutela, eta urteurrenaren haritik, Udalak lore-eskaintza bat egingo du gaur, 12:30etan, Uribe parkean. Esther Apraiz alkatearekin batera, Sutondoan elkartearen presidenteak eta Nagusi Etxearen presidenteak hartuko dute parte ekitaldian. “Oso data inportantea da gure herriko historiarako eta horregatik hurbildu nahi dugu herritarrengana. Urtero Derioko elkarte bi egongo dira ospakizun ekitaldian. Derion guztion artean egiten dugulako”, esan du alkateak. Bestalde, Apraizen esanetan, “Batzar Nagusietan sartzea oso lorpen handia izan zen eta hari esker hasi ginen gure historia, identitatea eta etorkizuna eraikitzen. Derio herri solidarioa da gaur egun, aurrera egiten duena, modu inteligente batean hazi duena eta, ondorioz, bizi-kalitate handia duena. Inportantea da urteurrena ospatzea, Derio Bizkaia mailan aintzat hartua izatea lortu zutenen ohorez”.