Piperdun herriko flamenko elkartearen eskutik izango da apirilaren 23an, egun osoan zehar. Ekitaldiak Sollube kalean egingo dira. Goizeko 10etatik aurrera, umeei zein helduei zuzendutako tailerrak egongo dira, hala nola kapelak, faroltxoak eta flamenko gonak egiten ikasteko tailerrak, eta perkusio eta txalo tailerrak. Era berean, lehiaketa bi egingo dira: bata, material birziklatuzko flamenko gona lehiaketa; eta bestea, “Hegoaldetik Iparraldera” izeneko pintxo lehiaketa.
Bestalde, Piperdun taldeak saioa eskainiko du arratsaldeko 6etan. Horretarako, Sutondoan emakume elkartearen eta Lainomendi dantza taldearen laguntza edukiko du. Ostean, pintxo-poteoa egongo da ostalarien eskutik, eta lehiaketen sariak banatuko dira. Sariak Danerik Paraje dendarien elkarteak ipiniko ditu. Azkenik, La Piti por Rumbas taldeak ikuskizuna eskainiko du gaueko 9:30ean. Tailerretan zein tabernetan itsulapiko solidarioak ipiniko dira eta batzen den dirua Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin lan egiten duen Derioko elkarteari emango diote.
“Derio kalera atera eta ondo pasatzea gustatzen zaion herria da. Horregatik erabaki genuen Apirileko feria antolatu eta haren inguruan dauden alderdiak derioztarrei hurbiltzea. Gainera, aukera ona da taldean dabiltzan lagunek ikasitakoa jendaurrean erakusteko”, esan digute Piperdun taldetik. “Espero dugu jendea animatu eta ederto pasa dezatela. Baita herriari bizitasuna ematen lagun diezagutela ere”.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).