Eatoneko enpresa-batzordeak greba mugagabera deitu du, multinazionalak 39 lankide kaleratuko ditu-eta

Aikor aldizkaria 2016ko api. 22a, 12:55

Enpresa-batzordetik jakinarazi dutenez, Estatu Batuetako Eaton multinazionalak Derioko fabrikako 39 langile botako ditu kalera, eta ekoizpen lerroetako bat Errumaniara eramango du. Kaleratzeek zuzeneko lanpostuetan dabiltzan 20 lagunengan, eta zeharkako lanpostuetan dabiltzan 19 lagunengan edukiko dute eragina. Horren ondorioz, enpresa-batzordeak greba mugagabera deitu du eta horri datorren eguaztenean emango diote hasiera. Eguaztenean bertan bigarren bilera edukiko dute enpresa-zuzendaritzarekin. Bestalde, enpresa-batzordea Derioko alkatearekin batu da, egoera azaltzeko. “Eatoneko langileek gure gaitzespena eta haserrea adierazi nahi ditugu kaleratzeen aurrean”. Euren esanetan, enpresaren emaitza ekonomikoak positiboak izan dira beti, eta gaur egun badira positiboak. “Multinazionalak zintzotasunik, zuzentasunik eta balio etikorik eza erakutsi du. Minduta gaude eta engainatu gaituztela uste dugu”. Beren aldetik, Eaton multinazionaletik adierazi duten moduan, bezero garrantzitsuak galdu zituzten 2015. urtean eta merkatuaren presioak kosteak murriztera behartzen ditu. Hori dela eta, konpainiak aldaketa batzuk proposatu ditu eta, ondorioz, lehen aitatutako 39 lanpostuak galduko lirateke. Esandakoaren arabera, neurriak ez luke eraginik izango azken muntaian eta FAZ NA eta FS gamen fabrikazioan. Horiek Derion egiten jarraituko dira, eta 46 laguni emango diete lana. “Derioko instalazioak mantentzeko konpromisoa hartzen dugu, eta aurreikusten dugu etorkizunean bertoko herritarrei lana ematen jarraitzea”. Enpresaren ustez, proposatutako neurriak, nahiz eta zailak izan, onenak dira Derioko fabrikaren etorkizuna bermatzeko, eta prest daude negoziazio-mahaiarekin akordio bat lortzeko. Eaton enpresan material elektrikoa ekoizten dute eta Derion, 1978. urtean zabaldu zuten fabrika, garai hartan enpresak Medex zuela izena. Estatu Batuetako multinazionalak 140 herrialdeetan baino gehiagotan ditu fabrikak eta 70.000 langile baino gehiago dauzka.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).