Akordioa lortu eta bihar itzuliko dira lanera Eatoneko langileak

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 20a, 12:29

Berrogeita hamabost egunen ostean, greba bertan behera utzi eta bihar itzuliko dira lanera Eatoneko langileak. Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak akordioa lortu dute azkenean, Derioko alkatearen eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekotzari esker. Enpresa batzordetik jakinarazi digutenez, 39 kaleratzeak mantenduko dira, baina enpresak proposatutako pertsonak kalera joan beharrean, langileek eurek erabakiko dute enpresan jarraitu nahi duten, edo alde egin nahiago duten. Indemnizazioei dagokienez, enpresak 40 hilabete eta hilabeteko 45 egun ordainduko ditu. Horrezaz gainera, 60.000 euro baino gehiagoko indemnizazioa dutenek 8.000 euro gehiago jasoko dute; eta 60.000 euro baino gutxiagoko indemnizazioa dutenek, 11.000 euro gehiago. Era berean, eta aurre-erretiroei dagokienez, enpresak soldata garbiaren % 80 ordainduko du langileek 63 urte bete arte, eta urtean % 0,5eko eguneratzea edukiko dute. Bestalde, multinazional estatubatuarrak bermatu du Derioko enpresak gutxienez 2020ko abendura arte egongo dela martxan, eta tarte horretan ez dutela inongo enplegu-erregulazioko espedienterik egingo. Nolanahi ere, eta betiere enpresa batzordea ados badago, bederatzi langile kaleratu ahal izango ditu 2018tik 2020ra bitartean. Langile horiek orain sinatutako indemnizazioa jasoko dute. “Akordio ona izan da, baina ezin dugu esan pozik gaudenik. Azken batean, enpresaren eskakizunetariko batzuk onartu behar izan ditugu, eta 39 lankide joango dira kalera”. Enpresarekin harremanetan jartzen saiatu gara euren balorazioa ezagutzeko, baina ez dugu erantzunik jaso.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).