Rementeria txorierritarrekin batu da Derion

Aikor aldizkaria 2017ko api. 28a, 10:46
a: Bizkaiko Foru Aldundia

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Txorierri eta Mungialdeko auzokideekin elkartu zen atzo arratsaldean, apirilaren 27an, Derioko Kultur Birikan. Guztira 50 lagun batu ziren bertan eta Rementeriak euren ideiak eta proposamenak entzun zituen. Era berean, Rementeriak Foru Aldundiaren proiektuen gauzatze-mailaren berri eman zuen. 

Bere mintzaldiaren hasieran, ahaldun nagusiak pasa den asteartean argitaratu ziren langabeziari buruzko datuak aipatu zituen eta irakurketa positiboa egin du. 2014tik 2016ra bitartean, langabezia tasa 4,5 puntu jaitsi da Bizkaian, % 17,2tik % 12,7ra. “Lanean jarraitu behar da, baina bilakaera ona izan da”, esan zuen. Beste alde batetik, Rementeriak enpresa txiki eta ertainei eta langile autonomoei laguntzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdean egin duen ia hiru milioi euroko inbertsioa nabarmendu zuen, baita desgaitasuna duten pertsonei, adinekoei eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko, urtero egiten den 29,5 milioi euroko inbertsioa ere. Gainera, Aldundiak azpiegituren arloan egin dituen jarduketak aipatu zituen. “Agirletako (Santo Domingo) jaitsierako errepide-lotunean egin den zazpi  milioi euroko inbertsioa nabaritzea espero dut”.

Aldundiak bizkaitarron parte-hartzea bultzatu nahi du eta, horretarako zabaldu zuen “Zurekin Bizkaia eraikitzen dugu. Iritzia eman, parte hartu, ekin” leloa duen kanpaina. Azarotik hona zortzi bilera egin dira: Bilbo, Basauri, Igorre, Durango, Santurtzi, Markina, Balmaseda eta Leioa. Bederatzigarrena Derion izan da, eta azkena, Busturialdean egingo dute. Rementeriak berak Foru Aldundiaren webgunean esan duenez, topaketak antolatu dira “egiten ari garena eta egiten ari ez garena kontatzeko eta herritarrek esan nahi digutena aintzat hartzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).