Derio futbol emakumezkoen taldea lehenengo postuan dabil lurralde mailan eta asteburu honetan jokatuko du ligako azken partida. Neska derioztarrek lehenengo postuari eusten badiote, euskal ligarako igoera lortuko dute. Txorierritarrek Durangon, Tabira futbol-zelaian, jokatuko dute zapatuan, maiatzaren 6an, 15:30ean. Neskek deia egin diete zaletuei hara joateko eta haiei babesa emateko. Lagun batzuk autoz hurbilduko dira eta taldeak autobusa ipiniko du jokalarientzat eta senideentzat.
Ligako partida izan arren, finala bezalakoa izango da. Izan ere, Deriok Ezkurdi taldearen kontra jokatuko du. Durangarrak bigarren postuan dabiltza, hiru puntutara. Beraz, txorierritarrek irabaztea edo berdintzea lortzen badute, igoera ere lortuko dute. Era berean, nahiz eta partida galdu, helburua bete ahal dute. Hau da, joaneko partidan, Deriok 4-0 irabazi zuen eta Ezkurdik emaitza hori hobetzen ez badu, alferrikako garaipena izango da durangarrentzat.