Mintza Eguna 2017

Berbalagun uholdea, Derion. Gora zuek!

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 6a, 10:11

Mintzalagun, solaslagun, mintzakide zein berbalagun izenpean, zapatuan Euskal Herri osotik etorritako lagunak batu ziren Derion, euren jai handia, Mintza Eguna, ospatzeko. Egitarau oparoa antolatu zen egun osorako, hala nola bisita gidatua Bilboko hilerritik, bertso-triki-dantza-poteoa, herri bazkaria eta kantaldia. 

Mintza Eguna Txorierriko Berbalagun egitasmoak eta Tximintx euskara elkarteak antolatu dute aurten, Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Antolatze-lanetan Altzora, Zorrizketan eta Lagatzu euskara elkarteek ere hartu dute parte eta ekintza Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen babesa jaso du. Topagunetik adierazi diguten moduan, oso pozik daude Derion izandako erantzunarekin eta parte-hartzearekin. “Harremanak estutzeko hitzordua izatea nahi genuen. Mintzalagunen eguna, urtean zehar egiten duten lana eta etorriko diren lorpenak elkarrekin ospatzeko”.

Herri bazkarian 180 lagun batu ziren, eta goizean zein bazkalostean derioztar zein txorierritar askok egin zuten ospakizunarekin bat. “Giro bikaina izan zen egun osoan zehar”. Berbalagunak Euskal Herriko hainbat txokotik etorri ziren Deriora: Iruñea, Elizondo, Bera, Doneztene, Hondarribia, Donostia, Elgoibar, Gasteiz, Soraluze, Getxo eta Barakaldo, tartean.

Eguraldia ere lagun eduki zuten, bazkaltzeko ordura arte behintzat. “Ikusgarria izan zen: Baserri Antzokia leporaino beteta, egitasmo ezberdinetako lagunak nahastuta, elkarrekin hizketan, harreman berriak sortzen… Biba zuek!”. Bazkalostea Taberna Ibiltariak girotu zuen eta asko animatu ziren haiekin batera eszenatokira igo eta abestera; Txorierriko berbalagunak, solasguneak eta Eibarreko mintzalagunak, tartean. Sariak ere banatu ziren. Aurten, Txorierierriko berbalagunek, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako solaslagunek eta Eibarreko mintzalagunek jaso dituzte sariak. Gainera, Solaslagun egitasmokoek agur hunkigarria eskaini zioten bere kideetako bati, Oiankori, egitasmoan urte asko eman baititu.

Eta konturatu orduko, elkarri agur esateko garaia heldu zen. Batzuentzat behintzat, beste batzuk berandu arte luzatu zirelako. Datorren urtean, Euskal Herriko berbalagunak berriro batuko dira bere jai handian, Mintza Egunean.

Argazkiak bere Flickr kontuan ipini ditu ikusgai Euskaltzaleen Topaguneak: labur.eus/ABsvZ . Euren argazkiak igo nahi dituztenek www.mintzalaguna.eus webgunearen bidez egin dezakete, edo nahiago badute, WhatsApp-ez bidali ahal dituzte 674345756 telefono zenbakira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).