Imanol Pradales: "Derioko lotuneko obrak irailean amaituko dira"

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 15a, 14:13

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak Derion, Santo Domingoko jaitsieran, egiten diren lanak bisitatu ditu gaur goizean, ekainaren 15ean. Bere esanetan, Bizkaiko Errepideen Sareko puntu garrantzitsu bat da hori, hortik egunero 16.000 ibilgailu ibiltzen baitira, aireportura, teknologia-parkera eta industrialdeetara joateko. 

Foru diputatuak baieztatu du N-637 errepidearen eta N-633 eta BI-737 errepideen arteko lotura (Arrontegi-Mungia noranzkoan, Derioko lotunean) egokitzeko egiten ari diren obrak irailean amaituko direla. Obra duela urte bat eta erdi hasi zen, Bizkaiko Errepideen Sareko puntu estrategiko horretan arintasuna eta trafiko-ahalmena hobetzeko. Lanek 6,9 milioi euroko aurrekontua dute. “Ziur gaude egunez egun mesede egingo diela gidariei, bai egunerako lanera joan eta lanetik itzultzeko korridorea erabiltzen duten guztiei, bai uda honetan aireportura joateko erabiliko dutenei”, esan du Pradalesek. Hori lortzeko, bigarren erreia atontzen ari da, aireporturantz eta teknologia-parkerantz doan trafikoa arinagoa izan dadin eta korridorean gutxiagotan gerta daitezen auto-ilarak.

Lotune hau egokitzeko lana obra konplexu bat da, eta gertaera garrantzitsu izan dira. Lehenengoa, azpiko pasabidea egiteko indusketa egitea (Aste Santuan). Eta bigarrena, bidezubiaren zutabea botatzea, bigarren erreia egiteko. Obraren ondorioz, ingeniaritza arloko konponbideak egin behar dira, trazatuaren zailtasunak gainditzeko. Gure lurraldeko errepideak hobetu, modernizatu eta seguruagoak izateko Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidesarea proiektuaren lanen barruan sartzen da obra hau.