“Eguna ezin hobea izan zen”, esan digu Luisma Landaluze Gure Señeak Derioko elkartearen kideak. Landaluze pozik eta hunkituta azaldu da. “Mundu guztia hurbiltzen zitzaigun zorionak ematera. Jendeak egun atsegin bat pasatu zuen, jai-giroan, eta musika alaiarekin eta ekitaldi pilo batekin. Gainera, oso jai zabala izan zen, ekitaldiak gune ezberdinetan egin zirelako eta, ondorioz, denbora guztian egon zen zerbait eta jendeak aukeratu ahal izan zuen zer ikusi eta nora joan. Egun hunkigarria ere izan zen, jende asko etorri zelako, eta momentu askotan gune guztiak topera egon zirelako”. Besteak beste, tailerrak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna, dantzaldia, puzgarriak, rockodromoa, musika eta ipuin kontalaria izan ziren.
Landaluzek boluntarioen lana azpimarratu du bereziki. “Aurreikusita genuen 100 boluntario behar izatea eta azkenean 175 lagun hurbildu ziren guregana, antolatze-lanetan laguntzeko. Eskerrak eman behar dizkiegu, beren onena eman dutelako, eta beti aurpegi onarekin. Benetan erakutsi da jendea, halako mugimendu bat aurrean, prest dagoela laguntza emateko eta oso hunkigarria da”. Era berean, Derio eta Txorierriko elkarteen parte-hartzea eskertu egin du. “Ezinbestekoa izan da. Ahalegindu gara jaia auzolanean antolatzen eta horretarako, ezagutzen ditugun elkarteetara jo dugu eta haiek antolatutako ekitaldi asko izan dira: dantza, musika, argazkilaritza ingurukoak…”. Derioko Udalak eta Zamudioko Udalak emandako laguntza ere azpimarratu du. “Haien laguntza barik, gurea bezalako elkarte batentzat zaila izango zen hain jaialdi handi bat antolatu ahal izana”.
Zaila da zifra orokor bat ematea, baina egia da atzo jendetza batu zela Derion. Antolakuntzatik zenbaki batzuk eman dituzte: 880 lagun, bazkarian; eta 872 pertsona, pailazoen ikuskizunean. Esan diguten moduan, gune guztietan jende pilo bat bildu zen, eta karpa behin baino gehiagotan bete zen.
“Elkartasun uholde izugarria egon zen atzo Derion”, aipatu digu Leire Elizegi Bizipoza elkartekoak. “Atzo, zein aurreko egunetan ere bai”, gehitu du. “Izan ere, azpimarratzekoa da atzo zein aurreko egunetan antolakuntzatik egin den lana, boluntarioena, babesleena -40 inguru eduki ditugu!-, Udalaren inplikazioa, herriena… Parte-hartzea izugarria izan da, eta Deriora etorri zen jendea ere oso gustura ibili zen”.
Bizipozaren barruan dauden elkartearentzako gunea ere egon zen, euren lana jendaurrean ezagutarazteko, eta asko izan ziren hara informazio bila hurbildu zirenak. “Elkarteak oso pozik daude, haien eta herritarren arteko ezagutza egon delako. Azken batean, guztiontzat izan beharko lukeen mundu honetan errealitate asko daude eta alaitasuna eta elkartasuna guztion artean eraikitzen ditugu”.