Azaldu duten moduan, zenbatu dituzten 150 establezimenduetatik erdietan baino gehiagotan badago euskaraz aritzeko aukera. Horren haritik, eta aukera horiek aprobetxatzeko asmoarekin, Derion AHORA kanpaina ipiniko dute martxan azaroaren 30etik abenduaren 3ra arte. Kanpainak herrian bizi edo lan egiten duten 365 lagunek aipatutako egunetan euskara hutsez aritzeko erronkari eustea du helburu.
Esandakoaren arabera, 70 establezimenduk baino gehiagok adierazi dute kanpainan parte hartzeko interesa, eta orain herritar bila dabiltza. Bide bi egongo dira egitasmoan parte hartzeko. Alde batetik, herritar batzuk “ahobizi” izango dira eta euskara hutsean egingo dute. Bestetik, beste herritar batzuk “belarriprest” izango dira eta ahalegina egingo dute euskaraz aritzen direnei ulertzeko. Kanpainak lau egun iraungo du aurten, baina asmoa da datorren urteari begira 11 egun irautea.