BocaBeats Comediak ETBra eman du salto

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 29a, 13:16

Pozik baino pozago dago Ivan Pérez derioztarra, izen artistiko moduan Iván Ivenían duena. Izan ere, ETB1ek Gure kasa gazteei zuzendutako saioa estreinatu zuen irailean, eta BocaBeats Comediak ere bere saiotxoa du programaren barruan. 

BocaBeats Comedia Ivánek eta Aitor Majok osatzen dute. “Gure lana gizarte-sareen bidez jarraitzen zutela esan ziguten, eta nahi zutela guk programan parte hartzea”, kontatu digu. “Proba batzuk egin genituen, baina guk egiten duguna ez zen guztiz bat etorri eurek nahi zutenarekin, eta azkenean neurrira egindako saiotxoa asmatu zuten”.

Iván eta Aitor astero joaten dira Euskal Herriko institutu batera, talentu berrien bila. “Gazteentzako ikuskizuna ematen dugu atsedenaldian eta gurekin aritzera animatzen ditugu. Ostean, castinga egiten dugu ateak itxita eta platora eramaten dugu gehien gustatu zaigun gaztea edo taldea. Denerik egin dezakete, abestu zein saltoak egin”. Horrez gainera, euren ikuskizuna ere eskaintzen dute saioan. “Programakoek esaten digute zeri edo nori buruzkoa izatea nahi duten. Esate baterako, Michael Jacksonen abestietan oinarritutako lana egin dugu orain dela gutxi”.

Ivánen esanetan, saioan parte hartzeak oso jende interesgarria eta famatua ezagutzeko aukera eman die. “Esne Beltza taldeko Xabi Solano, adibidez, ezagutu dugu eta gure lana jarraitzen duela eta gustatzen zaiola esan digu… Ba, hori, izugarria da!”. Bestetik, aurten lan handia eduki dutela aipatu digu. “Gu orain dela 10 urte hasi ginen BocaBeats egitasmoarekin. Tabernetan aritu gara, festetan… eta udan, adibidea ipintzearren, 10 emanaldi-edo atera zaizkigu. Ba, aurtengo udan 40 emanaldi eduki ditugu… Lotu barik ibili gara batetik bestera…”. Pozik egoteko modukoa da, bai horixe. Gainera, euren bideoak biral bihurtu dira eta ikustaldi pilo bat dituzte Interneten. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).