“Kirola egiteko aukera emango dugu, eta bide batez, gaixotasun arraroen inguruko jai-eguna antolatuko dugu, horien berri emateko”, esan digute antolatzaileek. Goizeko 11etan, hitzaldi txiki bat egingo da Kepa eta Arene anai-arrebak gogora ekartzeko.
Apur bat lehenago, 10:30etan, umeen lasterketa hasiko da. Horrek kilometro bateko ibilbidea izango du, Derioko kaleetan zehar. Ordubete beranduago, nagusien txanda izango da. Antolatzaileek zortzi kilometroko ibilbide mistoa (bai lurrean, bai asfaltoan) prestatu dute. Irteera eta helmuga, umeen lasterketaren kasuan bezala, Derioko Udaletxean izango da, eta korrikalariak Larrabarri, Rekalde parke, San Kristobal eliza, Mungiako trenbide zahar eta Ganbetik pasatuko dira. Antolatzaileek ibilbide erdia egiteko aukera ere eman dute.
“Oso ibilbide polita da, erdia basoan egiten delako. Iaz, 800 lagunek hartu zuten parte, eta aurten, eguraldi ona egiten badu, behintzat kopuru berbera espero dugu. Ez dago aitzakiarik, izen-ematea doakoa baita”. Lasterketan izena emateko epea irekita dago, bai Derioko kiroldegian, bai www.gureseneak.org webgunearen bidez. Lasterketak bukatzen direnean, parte-hartzaileek talo eta txorizoa jan ahal izango dituzte txosnan, 13:00etatik aurrera. Gainera, Kantarelux taldeak kontzertua eskainiko du bertan.
Gure Señeak irabazteko asmorik gabeko elkartea 2010ean sortu zen, gaixotasun arraroak dituzten umeei eta haien familiei laguntza eta babesa emateko. Elkartetik adierazi duten moduan, gaur egun Derion badaude 11 familia elkarteari lotuta daudenak. Familia horien seme-alabek gaixotasun-espektro zabala dute, hala nola Esklerosi tuberkuluduna, Angelman sindromea, Proud Levine Carpenter sindromea, fibrosi kistikoa, garun-paralisia eta autismoa. Elkartea erreferente bihurtu da herrian, eta urtean zehar antolatzen dituzten kontzientziazio-ekintzen artean Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketa da azpimarratzekoa. Anai-arrebak gaixotasun arraro baten ondorioz hil ziren eta lasterketak umeak gogora ekartzea du helburu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!