Emakume izeneko artelana

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 25a, 12:16

Otsailaren 23ra arte, “Nos_otras” erakusketea bisitatzeko aukerea egongo da Derioko Kultur Birikan. Lourdes Puertas Gómez erakusketearen egilea da, eta bertan ikusgai ipini dauz hainbat eta hainbat emakume, euren izenak eskuz idatziz.

“Emakumeok ikusezin egin gaitue historian zehar. Proiektu honen bidez, gai horri heldu eta emakumeok ikusarazo gura izan dot”, azaldu deusku derioztarrak. “Alde batetik, emakumeok egunero egiten dogun lana ez da inoiz aintzat hartu, hau da, ez dira inoiz aitortu garbitu diran maindireak, sendatu diran zauriak, prestatu diran otorduak… eta lan hori guzti barik ez gintzatekez egongo gaur egun gogozan lekuan. Eta bestetik, sinestarazo deuskue, etxeko arloa kenduta, emakumeok ez dogula bizitzaren beste arlo batzuetan parte hartu, baina agiriek kontrakoa esaten deuskue: emakumeok historian zehar gure negozioak eduki doguz, mailegu-emaileak izan gara, ikertzaileak, medikuak…”.

Emakume horreek guztiak ikusgai egiteko, Lourdesek hainbat emakumeren izenak batu eta memoria kolektibora ekarri dauz. “Nire lagunei-eta eskatu neutsen euren familiako emakumeen izenak idazteko, eta gizarte sareen bidez ere zabaldu neban proiektua. Izenak antxinako paper pintatu-bilkarietan berridatzi dodaz. Idea da etxeko hormak, emakumeok egon garen gune intimo hori, birsortzea, bertan euren izenak idatzi eta merezi daben garrantzia emotea, eta hormetan ipini ezin diran titulu horreek guztiak gogora ekartea, idatzi ezin diran liburuak edo apalategietan ipini ez diranak, koadroak…”. Lourdesek emakumeen izena eta abizen biak idatzi dauz, eta hasieran izen guztiak zenbatzen ahalegindu bazan be, proiektuak hain tamaina handia hartu dau, ezen ezin dauan zehaztu zenbat emakume izen idatzi dauan. “Zortzi paper pintatu-bilkari dira, eta bertan emakumeen izenak bata bestearen jarraian idatzi dodaz, letra xehez eta puntua erabili barik. Horrela ahalegindu naz islatzen emakume batek egunero egiten dauan lan errepikakorrak –oheak, garbi-ikuzia, harrikoa, otorduak…- eta emakume guztionak alkarregaz daben indarra eta batasuna”. Paper pintatu-bilkariez gainera, artistak arroz-paperean be idatzi dauz izenak eta erretxinazko ale batzuetan sartu dauz. “Emoten dau izenak flotatzen dagozala. Likido amniotikoa imitatzeko modu bat da. Aleak zoruagaz mimetizatzen dira eta ozta-ozta ikusi daitekez. Emakumeok menderik mende egon garen ikusezintasun egoera horren alegoria da”. Emakume derioztarren izenez gainera, Estatuko beste herrietako emakumeen izenak be agertzen dira erakusketan, hala nola Galiziakoak eta Andaluziakoak. Era berean, Mexikoko emakumeen izenak irakurri daitekez paperetan. Baita ospetsuak izan diran emakume idazle, artista… batzuen izenak be.  

Gradu-amaierarako proiektua

Izenakaz batera, lora batzuen koadroak be badagoz ikusgai “Nos_otras” erakusketan. “Aurretik euki dodazan emakumeak hartu dodaz erreferentziatzat, amak eta emazteak izateko hezi dabezanak eta bizitzea besteak zaintzen emon dabenak. Oso momentu gitxi eben euren interesak edo zaletasunak garatzeko, eta nik batez be loren inguruan gogoratzen dodaz. Aldaxkak trukatzen, landareen gainean berba egiten… Horregaitik margotu dodaz geranioak, etxeko landarea dana, eta oso apala. Izan be, proiektua benetan horretan oinarritzen da: zuen izenak idazten dodaz eta zuen lorak margoten dodaz”. Koadroen ondoan hareen abstrakzioa be ikusi daiteke. “Tindagai bat atera neban lore-hostoetatik, eta handik moldagarria zan ore bat atera neban. Geranioen koadroak materiazko modu batean birsortu egin neban orduan”.

Erakusketatik kanpo, derioztarrak hiru emakumeen erretratuak eta grabatu batzuk be eroan dauz Kultur Birikako hormetara. Gainera, bere bizitzearen emakumeei entzundako berbak, gaur egun erabilten ez diranak, batu eta bere burua grabatu dau berba horreek tablet-ean idazten ebazan bitartean. Erakusketa aretoan ipini dan telebista-monitore batek erreproduzitzen dauz irudiak.

Lourdes adingabekoen hezitzailea da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren menpe dagoan zentro baten egiten dau lan. Betidanik euki dau gustuko margotutea eta orain dala urte batzuk Arte Ederrak ikastera animau zan. “Nos_otras” erakusketea bere gradu-amaierako proiektua da. Erakusketea Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran dauan Bizkaia Aretoan be egon da, eta Barakaldoko Clara Campoamor kultura etxera eroango dau martxoan. Aurreratu deuskuen moduan, etorkizunari begira baliteke emakumeen izenen proiektua barriro hartzea eta horri beste modu baten heltzea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).