“Areto-futbolak jarraitu behar du lanean, bere lekua hartzeko”

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 30a, 14:34

Venancio López l Espainiako areto-futbol hautatzailea

 Bere izena ez da oso ezaguna, baina Venancio erreferente bat da munduan, areto-futbolari dagokionez. Bilbotarra Espainiako selekzioaren hautatzailea da, eta Gabonetan Pozgarri taldeak antolatutako areto-futbol Campusean hartu zuen parte Derion. Luxuzko laguntza.

Futsal Planet kirol aldizkari ospetsuak bosgarren aldiz izendatu zaitu munduko hautatzailerik onena. Zorionak!

Sariak jasotzea harro egoteko modukoa da, baina horiek batez ere nire inguruan dauden guztion lana hartzen dute aintzat: jokalariak, teknikariak... Azken batean, areto-futbol espainiar osoari dagokio saria, lortzen ditugun helburuak eta erakusten dugun maila altua guztion lana delako.

Hitz egin dezagun Derion Gabonetan antolatutako campusaren inguruan. Zelan esperientzia?

Oso polita. Pozgarri taldeko proposamena oso interesgarria izan zen eta gazte pilo batek eman zuen izena. Gustura ibili ginen Derioko Campusean, bai horixe!

Zergatik hartu zenuen parte campusean? Zelan jarri ziren harremanetan zurekin?

Pozgarri taldeak nire laguntzaile Iñigoren bidez,  deitu zidan. Ni beti saiatzen naiz horrelako ekimenetan parte hartzen. Gustatzen zaizkit, batez ere hezkuntzarekin eta gazteekin zerikusia dutenean. Nire ustez, horiek oinarritzat hartu behar dira edozein kiroletan hazteko. Gainera, bizkaitarra naiz eta etxetik deitzen badidate, laguntza ematen saiatzen naiz, zelan ez!

Ez dut imajinatzen Julen Lopetegi Espainiako futbol hautatzailea non eta Derion, umeen campus batean…

Nire estatusak ez nau baldintzatzen. Ni pertsona arrunta naiz eta Espainiako areto-futbol hautatzailea izateak ez nau aldatu. Betiko moduan, abegitsua naiz.

Zer gertatzen zaio areto-futbolari? Nahiz eta jokalari eta talde asko egon, ez dauka beste kirol batzuek duten arrakasta, batez ere komunikabideetan...

Gizarte mailan, gehien egiten den kiroletako bat da. Egia da, komunikabideei dagokienez, futbola da nagusi, baina guk ez dugu bere kontra jokatu nahi. Areto-futbolak jarraitu behar du lanean, bere lekua hartzeko. Ez da erraza, baina borrokatu behar dugu gure lana besteek aintzat hartzeko. 

Laster Esloveniara joango zarete, Europako Txapelketa jokatzera. Zeintzuk dira helburuak?

Betikoa, txapela etxera ekartzea. Jakin badakigu erraza ez dela izango, baina helburua beti da irabaztea. Tamalez, aurten oso prestakuntza gutxi izan dugu. Irailetik, bakarrik hiru eguneko kontzentrazio bi egin ditugu, eta debora gutxi izan dugu txapelketa behar bezala prestatzeko. Gogor egingo dugu lan datozen egunotan, prestaketa ahalik eta onena izateko.

Espainia Europako txapelduna da, baita txapelketa hau irabazteko faborito nagusietako bat ere. Presio berezirik sentitzen duzue horregatik?

Ez, guztiz kontrakoa: zenbat eta presio handiagoa egon, orduan eta hobeto jokatzen dugu.

Arerioak betikoak izango dira: Portugal, Italia, Errusia eta Ukraina?

Bai. Eta Kazajistan. Bere atezainak ere hartzen du parte jokoan, bosgarren jokalaria izango balitz moduan, eta talde polita osatu dute.

Areto-futbola izugarri aldatu da azken urteotan eta taktikoki gero eta maila handiago dago Europan, ezta?

Bai, dudarik ez. Nire ustez, hori batez ere Espainian landu da, eta azken 10 urteotan, entrenatzaile espainiarrak atzerrira joan izan dira eta han hainbat herritako garapena bultzatzen lagundu dute.

Hamaika urte daramatzazu hautatzaile. Zer egingo duzu txapelketa bukatzen denean? Aldaketaren bat egiteko asmoa daukazu?

Ez, pozik nago hemen. Dena dela, buruan txapelketa baino ez daukat, ez dut etorkizunari buruz pentsatzen. 

 

 

 

 

Erreferentea, mundu mailan

José Venancio López Hierro (Bilbo, 1964) erreferente bat da mundu mailan, areto-futbolari dagokionez. Gaur egun Espainiako selekzioko hautatzailea da, baina horretaz aparte, hitzaldiak eta ikasgai magistralak eskaintzen ditu mundu osoan. Beti agertzen da areto-futbola zabaltzeko prest. Ezagutzen dutenek oso langilea dela diote, ia obsesiboa. Inoiz ez omen da lanarekin nekatzen.

Gaztetan jokalaria izan zen Leioa taldean, baina 1988an entrenatzaile egin zen. Leioan hasi eta gero lau taldetan ibili da: Bilbo, Castro, Caja Segovia eta Lobelle Santiago. Bitartean, Guatemalako selekzioko hautatzailea ere izan zen 2003an. Espainiako selekzioan ibilbide bi izan ditu: bata, 1996tik 1998ra bitartean, eta gaur egungoa, 2007an hasi zena.

Bere garaipen-zerrenda bikaina da: kluben mailan, hiru aldiz irabazi ditu Espainiako Kopa eta Espainiako Superkopa; eta behin, Liga, Europako Kopa, Errekopa eta Kontinentearteko Kopa. Era berean, Espainiako selekzioarekin batera, Venanciok lau aldiz irabazi du Europako Txapelketa. Falta zaion garaipen bakarra Munduko Txapelketa da, bi aldiz txapeldunorde gelditu delako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).