Kepa eta Areneren oroimenezko lasterketa, euripean

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 13a, 14:47

Gure Señeak elkarteak zazpigarren aldiz antolatu zuen Kepa eta Areneren oroimenezko lasterketa, domekan, otsailaren 11n, Derion. Guztira, 400 lagunek eman zuten izena lasterketan, baina eguraldia oso txarra izan zen eta azkenean, 270 korrikalarik baino ez zuten ekimenean parte hartu. “Euria barra-barra egin zuen, baita hotz ikaragarria ere. Pena izan zen, ibilaldia putzuz beteta zegoelako. Hala ere, pozik gaude, helburua bete dugulako, ha da, kirola egiteko aukera emateaz gainera, gaixotasun arraroen inguruko jai-eguna antolatu dugulako”, esan dute antolatzaileek.

Goizeko 10:30etan umeen lasterketa egin zen, kilometro batekoa, Derioko kaleetatik. Beranduago, nagusien txanda izan zen, bai lasterketan, bai ibilaldian. Lasterketak bukatu zirenean, parte-hartzaileak txosna batean batu ziren taloa eta txorizoa jateko. “Datorren urtean eguraldia aurtengoa bezain txarra bada, salda eskainiko diegu korrikalariei”. Kantarelux musika taldeak hamaiketakoa girotu zien kirolariei eta lagunei.

Gure Señeak irabazteko asmorik gabeko elkartea 2010ean sortu zen, gaixotasun arraroak dituzten umeei eta haien familiei laguntza eta babesa emateko. Elkartetik adierazi duten moduan, gaur egun Derion badaude 11 familia elkarteari lotuta daudenak. Familia horien seme-alabek gaixotasun-espektro zabala dute, hala nola Esklerosi tuberkuluduna, Angelman sindromea, Proud Levine Carpenter sindromea, fibrosi kistikoa, garun-paralisia eta autismoa. Elkartea erreferente bihurtu da herrian, eta urtean zehar antolatzen dituzten kontzientziazio-ekintzen artean Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketa da azpimarratzekoa. Anai-arrebak gaixotasun arraro baten ondorioz hil ziren eta lasterketak umeak gogora ekartzea du helburu.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).