Txorierri institutuko ikasle batzuek elkartearen lana ezagutzen dute, eta sentikorrak dira horrekiko zein lehen aipatutako lagunek dituzten arazoekiko. Horregatik ilea emateko ekintza solidarioa antolatzeko proposamena egin zieten Txorierriko ile-apaintzaileei.
Ekitaldia frontoian izango eta hari goizeko 10etan emango diote hasiera. Ile-apaintzaileek 10:15ean ekingo diote lagun solidarioen ilea mozteari, baina izena ematea 11:30ak arte egin ahalko da. Ekitaldia 11:00etan inauguratuko da ofizialki.
Bestetik, 10:30etik aurrera ume eta nagusientzako tailerrak egongo dira: aurpegia margotzea eta koloretako artilez egindako ileordeak, umeentzat; eta ileordeen eta berariazko makillajeen erakusketa eta tailerra, nagusientzat. Gainera, Bilbao magoak ikuskizuna eskainiko du 11:30etik 12:30era, eta horren ostean, umeek hamaiketako eder bat gozatzeko aukera edukiko dute. Taberna Ibiltaria taldea 12:30etik aurrera arituko da, eta ekitaldi solidarioari 14:30ean emango diote amaiera.
Ilea eman nahi dutenek aurretik garbitu egin beharko dute ilea, eta 18 urtetik beherako gazteek gurasoen edo tutorearen baimena aurkeztu beharko dute. Ilea eman ahal izateko, gutxienez 20 zentimetroko luzera eduki behar da, emailea 14 urtetik beherakoa bada; eta 30 zentimetroko luzera, gainontzekoen kasuan. Parte-hartzaileek bost euroko dohaintza egin beharko dute, eta nahi duenak hurrengo telefono zenbaki honetan egin dezake aurretiko izen-ematea: 604 35 66 74.
Antolatzaileek espero dute jendea animatzea eta ekintza solidarioa erabat arrakastatsua izatea.