Hiri-kulturarik onena, Derion, apirilaren 21ean

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 12a, 11:23

BreakOnStage hiri-kulturari buruzko jaialdirik handiena da Estatu mailan, eta non eta Derion egingo da aurten, apirilaren 21ean. Han nazio arteko mailako 100 hiri-artista inguru batuko dira. 

Esther Apraiz, herriko alkatearen esanetan, “ohore bat da Estatu mailako kale kulturarekin lotutako topaketarik garrantzitsuenetako bat hemen, Derion, ospatzea. Hala, Udalak apustu sendoa egin du kultur adierazpen anitzak sustatzeko eta laguntzeko”.

Jaialdiaren erdigunea herriko kiroldegia izango da, baina bere inguruan bost gune atonduko dira. Gune horietan bisitariek break dance, scooter, bmx, urban dance eta cyr wheel bezalako ekintzak izango dituzte ikusgai. Aurten, eskaintza zabaldu dute eta dantza, musika eta hiri-kirolekin lotura duten ekintza gehiago antolatuko dira. Gainera, aurreko urteetan bezala, formatu handiko ikuskizuna izango da, saio bitan: bata, 18:00etan, familiei zuzenduta; eta bestea, 20:00etan, publiko orokorrari zuzenduta. Sarrerak jaialdiaren webgunean daude salgai. Aldez aurretik eskuratuz gero, 10 euro balio dute; leihatilan, aldiz, 12 euro. Kutxabank txartela dutenek, % 20ko deskontua izango dute.

Azken 5 urteotan, jaialdia Bilbao Arena aretoan egin da, baina horren arrakasta ikusita, antolatzaileek formatu berri bat probatu nahi izan dute, jaialdia garatzen jarraitzeko eta horrek freskotasuna ez galtzeko. “Lekuz aldatu eta jaialdia Deriora eramateko erabakia hartu dugu, Parke Teknologikoaren ondoan. Bertan, ikerketa eta esperimentazio ariketa egin nahi dugu. BreakOnStage jaialdia birsortzeko erronka berria da”, esan dute antolatzaileek.

 

Informazio gehiago:

www.breakonstage.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).