Ile-sorta solidarioak

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 20a, 14:14

“Zure ileak balio du” lelopean, domekan, martxoaren 18an, ilea emateko ekitaldi solidarioa egin zen Derion. Lehenengo aldia da Bizkaian halako ekintza bat egiten dena eta antolatzaileak oso pozik azaldu dira egon den erantzunarekin. 

“Hogeita hamar lagunek eman dute ilea eta, egia esan, oso pozik eta eskertuta gaude. Izan ere, ez genuen uste zifra horretara ailegatuko ginenik eta harritu egin gaitu. Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei: ilea eman duten lagunei zein boluntario ibili direnei”.

Malkoren bat ikusi bazen ere, emaileek pozik utzi zieten ile-apantzaileei ilea mozten; gaztetxoek zein helduek. Izan ere, beren ile-sortak behar dutenentzako ile-ordeak egiteko erabiliko dira. Ekintza solidario honi esker, ile-ordeak merkeago eskuratu ahalko dituzte kimioterapiaren ondorioz ilea galdu duten lagunek, edo gaixotasun arraroren bat duten lagunek. Mechones solidarios irabazi asmorik gabeko elkartearen ordezkari bat egon zen ekitaldian.  

Bestetik, goiz osoan zehar umeei eta nagusiei zuzendutako ekintzak izan ziren, hala nola aurpegia margotzea eta kolorezko artilez ile-ordeak egiteko tailerra, ile-ordeen eta berariazko makillajeen erakusketa eta tailerra, eta mago baten emanaldia. Taberna Ibiltariak goiza girotu zuen.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).